Orozkon kontatzen dute lapur bat bizi izan zela Itzineko mendian dagoen Atxulaur haitzuloan. Lapur hark, urteetan eginiko lapurretei esker, izugarrizko urre pila bildu omen zuen haitzuloaren barruan.
Lapurretara beste lurralde batera joan zen batean, hil egin omen zen, eta inork ez zekien non gorde zuen bere altxorra.
Behin batean, kanpotar batzuk Atxularko leizera joan ziren altxorraren jabe egiteko asmotan, baina, hurbildu zirenean, ahotik eta sudur zuloetatik sua zerion zezen gorri izugarri bat atera omen zen mehatxuka haitzulotik; lapurraren espiritua, hain zuzen ere.
Hurrengo batean, hildako lapurraren hezurrekin joan ziren haitzulora kanpotar haiek, eta bertan utzi zituzten. Orduan bai, orduan atera ahal izan zuten altxorra haitzuloko zulo sakonetik, lapurraren gorpuak betiko atsedena lortu baitzuen.
Amezketankontatzen dutenez, behin batean, Irabi baserriko neskatxa Aralarrera igo zen larrean zeukan behi baten bila. Txahal gorri bat ikusi zuen, eta berea zela pentsatuta, bere atzetik abiatu zen. Buztanetik heldu zion eta bere atzetik joan zen, Marizulo kobazulora eraman zuen arte. Marizulo Mariren bizilekua zen.
Neskatxaren familia bere bila ibili zen, baina, ez alferrik, ez zuten inoiz aurkitu eta. Herrian esaten dutenez, beste batean ikusi omen zuten neskatxa hura Marizulon zakur gorri bat ondoan zuela, haitzuloa zelatatzen.
Bedaion, Jazku Goiko baserriko gizona, artzantzan ibiltzen zena, auzo bereko Sahatsa izenez ezagutzen den mendira joan zen eta berak uste baino lehen ilundu eta gaua etorri zitzaion.
Etxerantz abiatu zenean, zezen gorri batzuk azaldu zitzaizkion eta arbola edo zuhaitz guztiak txikitzen hasi ziren zezenak.
Artzaina estutu egin zen eta buruko ileak tente-tente zituela iritsi zen etxera. Jazku Goikoko gizon hau benetan larrituta aurkitzen zen eta bere etxekoek zer gertatzen ote zitzaion galdetu ziotenean, artzainak Sahats mendian dena txikitzen zuten zezen gorri batzuk ikusi zituela adierazi zien. Bere sendikoek zezenek ezin dituztela arbolak txikitu erantzun zioten.
Hau entzutean, artzainaren erantzuna honelakoa izan zen: bihar joango gara ikustera.
Honela egin zuten; hurrengo egunean Sahatsa mendira joan ziren eta beti bezala aurkitu zuten; arbola eta zuhaitzak bere lekuan eta zezenen arrastorik ez. Jazku Goikoko artzaina benetan harrituta gelditu zen.
1992ko urtarrilaren 22an Garmendiak jasoa, Bedaioko Bedaio Bitarte baserriko Josefa Antonia Agirrezabala Zabalarengandik
Arratiñeako Javier, gazte harroputza, Urretxura joan zen gau batean, handik pixka batera. Garai hartan inguruko neska guztiak Urretxun elkartzen ziren ehuntzeko.
Herrian ondo pasatu ondoren, Xabierrek apaiz itxura hartu zuen eta gaztaina egosi bana eman zien jaunartze moduan.
Gero etxera zihoala esaten hasi zen, eta neskek ez zioten alde egiten utzi nahi, bekatu handia egin zuela eta ezbeharren bat gertatuko ote zitzaion beldur zirela esanez. Baina Javier oso harroa zen eta etxerantz abiatu zen.
Tellerietxera itzulita, Laioko basoan zezen mitologikoak (zezengorriak) ikusi zituen harengana zihoazela. Ikaraturik, mutila korrika hasi eta Tellerietxeko atea jo zuen. Txakur bat eskatu eta bere bidera itzuli zen, txakurra arto-opil batekin tentatuz. Orduan suzko zezen mitologiko bat agertu zitzaion Laicatik harengana. Baina txakurra ondoan zuen bitartean ez zion beldurrik ematen.
Baina Lauztiazpikoaren ondora iritsi zenerako, Arratiñearako desbideraketa hartzen den lekura, opila amaitu egin zitzaion eta txakurra Tellerietxe aldera jiratu zen. Orduan, zezen mitologikoak berriro agertu ziren. Javierrek inoiz ez bezala egin zuen korrika, eta ileetatik sartu zen Arratiñea baserrira.
Arratiñea baserriko behiek ez zuten su-etenik izan gau hartan. Orroak, adarren eta uztarrien hotsak entzun ziren.
JM Barandiaran
http://www.ataunturismoa.net